6.3 Hurrengo helburuak

Proiekturik aipagarrienak bereiziz Iruzur fiskalaren aurkako 2016-2019ko Planean jasotakoetatik, eta orobat NFOk 2020rako duen Tributu Kontroleko Plana, ondoko eginkizun hauek garatu edo aztertu bidean dira 2020an, hau da, 2019ko NFO Memoria idatzi den unean:

  • Zergadunei laguntza baliabide elektronikoen bidez emateko bideak zabaltzea eta sustatzen jarraitzea, Nafarroako Zerga Ogasunean egin beharreko tramiteak errazteko; pixkanaka murriztu eginen da autolikidazioen eta informazio-aitorpenen papereko aurkezpena.
  • Nafarroako Zerga Ogasunean jakinarazpen elektronikoko sistema orokortzea, hura erabiltzera behartuta daudenen multzoa handituz, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legearen 14. artikuluari jarraikiz.
  • Nafarroan 2018an indarra hartu eta BEZaren kudeaketan aldaketa ekarri duen Informazioa Berehala Emateko sistemari (IBE) dagokionez, hura indartzen jarraituko da, bai barnera begira, Zerga Administrazioko Estatu Agentziarekin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Foru Ogasunekin informazioa tratatzeko, ustiatzeko eta trukatzeko behar diren egokitzapenak eginez, bai kanpora begira, tributu kontrola modu progresiboan hobetzeko eta zergadunei eskainitako laguntza zerbitzuak ere pixkanaka hobetzeko.
  • Nafarroako Foru Ogasunaren web berri bat garatzea, eduki eta zerbitzu gehiagorekin. Batez ere, tributu heziketa zibikoa zabaltzeko prestatutako materiala ezagutaraztea.
  • Zerga Administrazioko Estatu Agentziaren eta NFOren artean tributu helburuetarako informazio trukea egiteko hitzarmena eguneratzea.
  • Esparru-hitzarmen bat sinatzea, zergen kudeaketa eta ikuskapenerako informazioa eta laguntza partekatzeko, NFOren eta Nafarroako udalen artean.
  • Informazio iturri berriak ustiatuko dira, eta hemen aipagarria da NFOren datu-baseetan integratzea nazioarteko informazio iturriak, azken urteetan FATCA-DAC truke automatikoko tresnak ezarri izanaren ondorioz.
  • Ekonomia ezkutuaren aurkako borroka areagotzea, lekuan lekuko informazioa lortzeko jarduerak eginez, eta zergadunaren egoitzan auditoretza informatikoko jarduerak gauzatuz.
  • Datuen ustiapena hobetzea tributu desberdinen egiaztapen automatikorako programetan.
  • Diru-bilketa fasean diren tributuen kontrolari dagokionez, aipagarria da berariazko programa informatikoak garatu direla, erantzukizuna desbideratzeko espedienteen kudeaketaren kontrola hobetzeko.
  • 2019an amaitzea Nafarroako ezkutuko ekonomiari buruzko azterlan bat, tributuen eta antolamenduaren aldetik horri aurre egiteko hartu beharreko neurriak aukeratzen laguntzeko.