2.3 Itzulketak

Nafarroako Foru Ogasunak 2019an egin dituen itzulketak, guztira, 1.567.272,99 mila eurokoak izan ziren, eta horrenbestez, % 3,5 murriztu da 2018an itzulitako 1.624.305,47 mila euroko kopurua.

Ondoko koadroan, itzulketak ageri dira, tributu figuren arabera.

13. taula. Tributu-bilketaren itzulketak. Tributu figuren araberako xehetasuna.

  • BEZaren zuzeneko kudeaketaren ondoriozko itzulketek, 1.193.672,70 mila eurorekin, aurreko urtekoaren antzeko zenbatekoa erakusten dute, garrantzi erlatiboa mantentzen dute, eta egindako itzulketa guztien % 76,2 dira. Zenbateko horrek berretsi egiten du 2018an jadanik hartu zen eta gauzatu zen konpromisoa, alegia, BEZaren kuota negatiboak itzultzeko batez besteko epea laburtzea.
  • Zera esan behar da, 2018an, PFEZaren kuota diferentzialen ondoriozko itzulketek barne hartzen zituztela ekitaldi hartan ordaintzen hasi ziren alarguntasunaren pentsioen eta erretiroaren pentsio kotizazio gabeen zerga kenkarien zenbatekoak. 2019an hautatu da berezko diru-atal batean bereiztea kontzeptu horiengatik egindako itzulketak, eta horri gehitu zaio alokairuko etxebizitza eskuratzea errazteko eratutako kenkari berria.
  • PFEZaren kuota diferentzialen itzulketak, batez ere, 2018ko errenta kanpainari dagozkio. Aurreko urtean, kontzeptu horrek barne hartzen zituen, halaber, alarguntasun pentsioen aurrerakinen itzulketak. Guztira, 182.564,15 mila euro dira, guztizkoaren % 11,6, hau da, % 7,4 gutxiago.

  • Sozietateen Zergaren kasuan, berriz, kuota diferentziala dagokie, batez ere, aitorpenaren ondorengo 6 hilabeteko epean egikaritu diren kanpainako kuota negatiboei. Aipatu behar da 2019ko azaroaren eta abenduaren artean itzuli dela 2018ko Sozietateen Zergaren kanpaina. Beraz, tributu honi dagozkion itzulketak 109.921,08 mila eurokoak izan dira, urteko itzulketen % 7,0 egiten dutela; horrenbestez % 33,9 murriztu dira aurreko urtekoak, zergaren bi kanpaina itzuli baitziren orduan.
  • Zeharkako zergen ondoriozko doikuntza fiskalen likidazioengatik Estatuari egindako ordainketak 37.211,61 mila eurokoak izan ziren, eta % 21,6ko murrizketa handia izan dute, aurreko urtearen aldean. Murrizketa horren arrazoi nagusia doikuntza fiskalen likidazioa 2015-2019 bosturtekoan egiteko adostutako metodoan datza, memoria honen “5.1 Hitzarmen Ekonomikoa” atalean azaltzen denez.