2.4.2 Arau aldaketen inpaktua

2017ko abenduan, hainbat zerga eta tributu-neurri aldatzeari buruzko 16/2017 Foru Legea onartu zen, eta aldaketa handiak ekarri zituen, 2018ko zerga-aldiari zegozkion Pertsona Fisikoen Errentaren Gaineko Zerga, Ondarearen gaineko Zerga eta Sozietateen gaineko Zerga ukitzen zituztenak, eta 2019ko ekitaldian ordaintzen zirenak. Zerga-aldaketa horren helburua bilketaren hazkundea finkatzea zen, aurrekontuen kopuru baliagarria handitzen laguntzeko, zerbitzu publikoak sustatzeko helburuz. Beraz, onartutako aldaketak, batez ere, 2018ko ekitaldiari zegozkion aitorpenetan gauzatu ziren, eta horrenbestez, zerga-aldaketa horren inpaktu ekonomikoak 2019ko bilketan hartu zuen berebiziko garrantzia. Guztira, bilketan izan duten eragin positiboa 44.312,0 mila eurokoa izan zen.

Beste alde batetik, 2018an, Hondakinei eta haien fiskalitateari buruzko 14/2018 Foru Legea onartu zen, et haren bidez erantsi zen Hondakinen gaineko Zerga berria. Urte horretan, tributu berri horren azken hiruhilekoari zegokion diru-sarrera bakarrik jaso zen, baina 2019an ekitaldi osoari zegokiona jaso zen, eta tarifa, gainera, igo egin zen. Horrek 3.037,0 mila euro ekarri zituen.

Bilketan inpaktua izan duten beste hainbat tributu-neurri arautu ziren abenduaren 27ko 30/2018 Foru Legean, hainbat zerga eta tributu-neurri aldatzeari buruzkoan; haren bitartez berreskuratu zen Saltoki Handien gaineko Zerga, 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera eragina zuena, eta horrek 2.058,0 milaka euro ekarri zizkion tributu bilketari.

Gainera, Estatuko 2018ko Aurrekontu Orokorrei buruzko uztailaren 3ko 6/2018 Legeak hazkundea ezarri zuen Hidrokarburoen gaineko Zergan, tarifa autonomikoa integratu baitzuen tarifa berezian, eta horren ondorioa izan da zuzeneko kudeaketari eta zerga horren zerga doikuntzari dagokien bilketa handitzea.

Horiek guztiak batuta, tributu aldaketen eragin garbia bilketa likidoaren balioetan, 2018an, 76.738,0 mila eurokoa izan da.

Arau aldaketek bilketa likidoan izan duten inpaktuari dagozkion datuak ondoren azaltzen den koadroan jaso dira.

17. taula. Tributu bilketa. Arau aldaketen inpaktuen ondoriozko doikuntzak.