5.1 Hitzarmen Ekonomikoa

Ekarpen ekonomikoa:

Nafarroaren tributu eta finantza arloetako jarduera Hitzarmen Ekonomikoaren berariazko sistemak arautzen du, eta haren arabera, Nafarroak bere zerga araubidea ezarri, arautu eta mantentzeko ahalmena du. Zerga horien bidez eskuratzen dituen baliabideak bere politikak finantzatzeko baliatzen ditu, baina aldi berean, Estatuari ordaindu behar dio Ekarpen bat, erkidegoak bere gain ez dituen Estatuaren kargengatik, hau da, Foru Komunitateak egiaz egikaritzen ez dituen eskumenei dagozkien karga ekonomikoak.

Hitzarmen Ekonomikoaren arabera, Nafarroak lau epetan ordaindu behar du urte bakoitzari dagokion behin-behineko Ekarpena, eta era berean, urteko lehen hiruhilekoan, aurreko urteko behin betiko Ekarpena kitatu behar da, eta emaitzak erregularizatu, administrazio baten edo bestearen alde.

2019an ez ziren onartu Estatuaren Aurrekontu Orokorrak eta, beraz, 2019ari dagokion urteko behin-behineko ekarpena egiteko 63. artikuluaren 2 apartatua aplikatu da; haren arabera, behin-behineko Ekarpena ordaintzeko epeetako bat iritsita, haren zenbatekoa finkatu ezin izan bada, adostutako azken behin-behineko Ekarpen likidoaren antzeko ordainketa bat eginen da, eta beraz, urte honetan ordaindutako zenbatekoa 529.582,64 mila eurokoa izan da, 2018koaren antzeko kopurua.

Bestalde, 2018ko behin betiko kitapena ere egin da 2019ko martxoan, eta Estatuko administrazioaren aldekoa izanik, 18.162,01 mila euro ordaindu zaizkio hari.

 

Zeharkako zergek eragindako doikuntzak:

Hitzarmen Ekonomikoaren 65. artikuluak ezartzen ditu zeharkako zergen doikuntzak, BEZaren eta fabrikazioaren gaineko zerga berezien bilketa hobetzeko, harmonizaziorako irizpideak eta zerga horietako bakoitzaren zuzeneko kudeaketarako ezarritako konexio-puntuak aintzakotzat hartuta. Koordinazio Batzordearen eskumena da doikuntza horiek dagokien bosturtekoan egikaritzeko metodoak ezartzea.

2019ko behin-behineko kitapenari dagokion zenbateko osoa 1.109.776,75 mila eurokoa izan da; horietatik 1.031.584,93 mila euro BEZaren doikuntzari dagozkio, eta 78.191,81 mila euro Zerga Berezien doikuntzei.

Gainera, 2019ko martxoan kitatu eta erregularizatu dira 2018ko behin betiko doikuntzak, eta haien azken saldoa Nafarroako Foru Ogasunaren aldekoa izan da, hain zuzen ere, 24.078,25 mila eurokoa; emaitza hori da, Estatuaren alde 1.695,27 mila euro baitziren – tabakoari zegozkionak- eta 25.773,52 mila euro, berriz, Nafarroako Foru Ogasunaren alde – BEZ, alkohola, garagardoa eta hidrokarburoengatik-.

Horrekin guztiarekin, Nafarroak 2019an jaso dituen zerga doikuntzen zenbatekoa, guztira, 1.133.855,00 mila eurokoa izan da, hau da, 2018an jasotakoa baino 111.559,45 mila euro gehiago, % 10,91ko hazkundea.

Ondoren ageri den koadroan jaso dira Hitzarmen Ekonomikoari dagozkion finantza fluxuen zenbaki nagusiak. Zeharkako zergek eragindako Ekarpena eta zerga doikuntzak.

66. taula. Hitzarmen Ekonomikoaren finantza fluxuak