2.4.3 Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren ondoriozko diru-sarreren bilakaera.

PFEZaren ondoriozko diru-sarrerak 1.533.113,36 mila eurokoak dira, hau da, aurreko urtekoak baino % 13,9 gehiago.

  • Laneko atxikipenak dira figura nagusia, tributu bilketa osoari dagokionez, likido guztiaren % 34,3 baitira, 1.352.717,59 mila euroko zenbatekoarekin. Urteko balioetan % 11,1eko hazkundea dute, alegia,  134.860,96 mila euro gehiago, 2018an baino. Bilakaera horren arrazoia, neurri batean, zera da, 2019an 12 hileko kuota jaso direla, eta 2018an berriz 11, Informazioa Berehala Emateko (IBE) zerbitzua indarrean sartu zelako. Bilketa likidoaren hazkunde horretan, lagungarria izan den beste faktore bat izan da lan merkatuaren hobekuntza, egoera ekonomikoaren adierazleek hala adierazten baitute, eta orobat, enplegatu publikoen soldataren % 2,25eko igoera, atzeraeragineko ondorioekin aplikatua urtarrilaren 1etik, eta % 0,25 gehigarria, abuztuaren 1etik. Gainera, 2019ko azaroan graduaren osagarria ordaindu zitzaien Nafarroako Gobernuaren aldi baterako langileei, atzeraeragineko ondorioekin aplikatuta, 2015eko urtarrilaren 1etik.

Era berean, enpresario eta profesionalen zatikako ordainketek bizitasun handia mantentzen dute, urte arteko % 10,0ko hazkundearekin.

  • Kapitalaren errenten gaineko atxikipenek % 6,7ko hazkundea erakusten dute, aurreko urtean baino 5.798,35 mila euro bilduta. Hala ere, esan behar da urte arteko konparatiboan kontuan hartu dugula 2019an 12 hileko kuotak jaso direla, 2018an 11 jaso zirelarik.
  • PFEZaren kuota diferentzialak, batez ere, 2018ko Errenta kanpainaren emaitza jasotzen du, eta horrek hazkundea ekarri du kuota positiboetan eta murrizketa, berriz, kuota negatiboetan. Horrenbestez, bilketa likidoa aldatu da, 2018an -5.399,3 mila euroko saldo negatiboa erakustetik, 2019an 42.578,03 mila euroko saldo positibora, alegia, aurreko urtean baino 47.977,35 mila euro gehiago, zinez hazkunde handia.