2.4.7 Gainerako zergen ondoriozko diru-sarreren bilakaera

Gainerako zergen bilketa likidoaren bilakaerari dagokionez, azpimarragarriak dira ondoko gorabehera hauek:

  • Ez-Egoiliarren Errentaren gaineko Zergaren bilketan hazkunde handia izan da, itzulketen bolumena handi samarra bada ere, aurreko urtekoaren antzekoa; bilketa integratua praktikan ia bost bider handiagoa da, hainbat zergadunek egin dituzten dibidendu banaketen eta kanon ordainketen ondorioz.
  • Oinordetzaren eta Dohaintzen gaineko Zergaren bilketan % 17,2ko murrizketa izan da.
  • Loteria eta apustuetako sarien gaineko kargak % 123,2ko hazkundea izan du, batez ere 2019ko Eguberrietako loterian Nafarroan egokitutako sariengatik lortutako diru-sarreren ondorioz.
  • Urte honetan berreskuratu da Saltoki Handien gaineko Zerga, 2016an indargabetu ondoren, eta lortutako bilketa likidoa 1.695,87 mila eurokoa da.
  • Energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zergak % 32,1eko hazkundea izan du, 2018an baino 12.071 mila euro gehiago bildu baitzituen; horren arrazoiak dira, alde batetik, zergadun handi baten egoitza-aldaketaren espediente baten ebazpena, eta bestetik, 2015eko ekitaldiari zegozkion fluxuen likidazioa, Hitzarmen Ekonomikoaren Koordinazio Batzordeak 2017ko abenduan hitzartutako akordioen ondorioz.
  • Ondare-eskualdatzeen gaineko Zergak % 3,0ko murrizketa erakusten du, aurreko urtean bildutakoaren aldean, eta Egintza Juridiko Dokumentatuetan % 3,4ko hazkundea izan da, estu lotuak jarduera ekonomiko orokorrarekin, eta zehazki, higiezinen merkatuarekin.
  • 2019an ia ez da itzulketarik egin Hidrokarburoen Txikizkako Salmentaren Zergan ezarritako “zentimo sanitarioa” deitu denaren kontzeptuan, Europako Justizia Auzitegiaren epaiak Europako ordenamenduaren aurkakotzat jo baitzuen zerga hori; horrenbestez, itzulketa gehienen atala bukatutzat jo dezakegu.
  • Hondakinen gaineko Zergaren urteko konparatiboak balio nabarmen handiagoa erakusten du 2019an, 2018koaren aldean, tributu hori lehenengo aldiz 2018ko urrian bildu zelako, eta 2019an, berriz, lau hiruhilekoetan bildu delako.
  • Zerga-zehapenetan, berandutze-interesetan eta premiamendu-errekargen ondorioz bildutako sarrerak, guztira, 20.203,6 mila eurokoak izan dira, hau da, 2018an kontzeptu horiengatik bildutakoa baino % 3,6 gehiago bildu da.