6.2 Jardueraren adierazleak:

Memoriaren apartatu honen xedea da erakunde autonomo honen, alegia, Nafarroako Foru Ogasunaren, eginkizunaren gaineko ikuspegi bat izateko baliagarria izanen den adierazleren bat jasotzea.

Interesgarria iruditu zaigu horretarako baliatzea gure inguruko Ogasunek baliatzen dituztenen antzeko parametroak. Erabateko garrantzirik eman gabe ere, askotariko inguruabarren eraginpean sortzen direlako, eta kontabilizazio sistema desberdinek ezartzen dituzten mugen eraginpean, egia da, betiere, lortutako emaitzetara agudo hurbiltzeko modua eskaintzen dutela.

Aukeratutako adierazleak hauek izan dira:

 

“Tributu Kontroleko Jarduera” adierazlea 

Tributuen zuzeneko kudeaketaren ondorioz Nafarroako Foru Ogasunak 2019an lortu zuen diru-bilketa likidoa 2.807,3 milioi eurokoa izan zen.

Beste alde batetik, tributuen kontrolerako jardueraren emaitzak, 2019an, 174,6 milioi eurokoak izan ziren.

Bi magnitude horien kozientea, numeradorean hartuta tributuen kontrolerako jardueran lortutako emaitzen zenbatekoa, eta denominadorean, berriz, tributuen zuzeneko kudeaketaren ondoriozko diru-bilketa likidoa (zeharkako zergek eragindako zerga doikuntzak kontuan hartu gabe), ehunekotan adierazita, % 6,22koa da.

2018ko adierazlearen portzentajearen azpitik dago, 1,04 puntu.

 

“Jarduna” adierazlea

Tributuen kontrolerako jardueraren emaitzak, 2019an, 174,6 milioi eurokoak izan ziren.

Jardunaren adierazlea sortu da, horretarako kalkulatuz emaitza/langile-kopurua ratioa, era horretan neurtzeko, batez besteko balioetan, Nafarroako Foru Ogasuneko langile bakoitzak tributuen kontrolerako jardueraren emaitzei egiten dien ekarpena.

Numeradorean sartzen dira tributuen kontrolerako jardueraren emaitzak, eta denominadorean pertsonen kopuru osoa, hau da, abenduaren 31n Nafarroako Foru Ogasunean enplegatuta zeuden pertsonen kopurua. Kontuan hartu behar da tributu kontroleko jarduera ezin dela aurrera eraman erakunde autonomo osoaren jarduketa integratua tartean ez bada.

Jardunaren adierazle horren arabera, 2019an, Nafarroako Foru Ogasuneko enplegatu bakoitzaren ahaleginaren emaitza, batez beste, 548.901,21 eurokoa izan da, tributu kontroleko jardueran.

2018ko emaitza baino txikiagoa da, 9.505,34 euro (- % 1,70) gutxiago, hain zuzen ere.

“Efizientzia” adierazlea

Tributu kontroleko jardueraren efizientzia neurtzeko, magnitude hauen arteko kozientea kalkulatzen da:

  • Numeradorean konputatzen da tributu kontrolen jardueraren emaitzetan lortutako zenbatekoa (174,6 milioi euro).

  • Denominadorean konputatzen da aurrekontu osoaren zenbatekoa, betebehar aitortuen balioetan, eta Estatuari egin beharreko Ekarpena kenduta (26,8 milioi euro).

Efizientziaren adierazle horren arabera, 2019an, Nafarroako Foru Ogasunean gastatutako euro bakoitzetik, 6,505 euro lortu dira, tributu kontroleko jardueran.

2018ko adierazlearen aldean murrizketa adierazten du, 0,535 euro gutxiago eta - % 7,60 portzentajea.

“Tributu bilketa likidoaren kostua” adierazlea

Kudeatutako baliabideen aplikazioan izan den efizientzia neurtzeko, magnitude hauen arteko kozientea kalkulatzen da:

  • Numeradorean konputatzen da bere gain hartutako kostuen zenbatekoa, NFOaren aurrekontu osoaren arabera (Estatuari egin beharreko Ekarpena kenduta), betebehar aitortuen balioetan.

  • Denominadorean konputatzen da bilketa likido osoaren zenbatekoa, barne sartuta, bai zuzeneko kudeaketan lortutakoa, bai zeharkako zergek eragindako zerga doikuntzak.  (3.491,1 milioi euro).

Koziente horren arabera, diru-sarreren kudeaketaren kostuaren adierazlea, 2019an, 0,681 eurokoa izan zen, bildutako 100 eurotik.

Jaitsiera txiki bat adierazten du 2018koaren aldean, orduan 0,729 eurokoa izan baitzen, bildutako 100 eurotik.

“Langile kopurua 10.000 biztanleko” adierazlea

2019ko ekitaldirako berrikuntza gisa aurkezten da Foru Ogasuneko langileen ratioa Nafarroako biztanleko.

2019an, Nafarroako Foru Ogasuneko langileen ratioa, 10.000 biztanleko, 4,86koa da. Kopuru txikixeagoa da 2018an baino, orduan 4,94koa baitzen.

Adierazle hauen datuak, 2018 eta 2019rako, ondoko koadro honetan bildu dira:

73. taula. NFOren jardueraren adierazleak