AURKEZPENA

Nafarroako Foru Ogasuna erakunde autonomoa da, Nafarroako zerga sistemaren ezarpenaz arduratzen dena. Bere Estatutuen 3. artikuluaren arabera, Nafarroako Foru Ogasunaren eginkizuna da “tributuen kudeaketa eta bilketa zuzen eta eraginkorra lortzea, zerga arloko araudia orokorrean eta zehatz-mehatz bete dadin, alde batera utzi gabe zergadunaren segurtasun juridikoa, eta araudi horrek sorrarazten duen zeharkako presio fiskala gutxituz”.

Ondoren aurkezten dugun “Nafarroako Foru Ogasunaren Memoria. 2019” honen helburua informazio gardentasunaren printzipioa betetzea da, eta baliagarria izatea Nafarroako Foru Ogasunaren jarduera ezagutarazteko, haren ebaluazioa eta hobekuntza errazteko.

Azken finean, Memoria honen xedea da erakunde autonomoaren antolakuntza eta jarduera zabaltzea interesa duen pertsona nahiz entitate orori: Administrazioko langileei beraiei, entitate laguntzaileei, ikertzaileei, gizarte eragileei, beste administrazioei, erakunde publikoei, etab.

Beraz, txostenak 2019ko jarduketa nagusiak jasotzen ditu. Jardueraren datuak, oro har, balio homogeneotan alderatu ahal izan dira 2018ko datuekin. Beraz, datu gehienen kasuan, bi ekitaldietako informazioa aurkezten da, emaitzen behaketa ebolutiboa eta konparatua egiteko aukera emanez.

Agindutako zereginen ezaugarriengatik, zerga bilketaren zenbatekoa aukeratu dugu gure jardueraren adierazle nagusi gisa, alde batera utzi gabe zenbait jarduketa zehatzen emaitzak ebaluatzeko egokiagoak izan daitezkeen beste hainbat magnitude erabiltzeko aukera.

Beraz, egokia da azaltzea Nafarroako Zerga Ogasunaren diru-bilketa, 2019an, termino likidoetan, 3.941.132,00 mila eurokoa izan zela, 2018an baino % 13,15 gehiago; finkatu da, horrenbestez, aurreko urteetako hazkundea. Zerga kontrolerako jardueraren emaitza, berriz, 2019ari dagokionez, 174.550,59 mila eurokoa izan zen, hau da, % 2,32 murriztu da, aurreko urtekoaren aldean.

Hona hemen datu horiek jasotzen dituen koadroa:

1. taula. Zerga bilketa likidoa eta Zerga kontrolerako jardueraren emaitzak